Xenpelar

Xenpelar

2010/11/25

Oarsoaldeko Hitzan Xenpelarri buruz

Xenpelar Saria indartsu etorriko da ostiralean

Indartsu etorriko da aurten Xenpelar Bertso Eskolak antolatutako Bertsolari Gazteen XX. Xenpelar Saria. Gazteak, baina maila oneko bertsolariak aurki daitezke aurtengo kartelean. Esate baterako, Julio Soto egungo Nafarroako Txapelduna, Jone Uria edo Alaia Martin. Hain zuzen, hiru horiek izango dira txapela janzteko hautagai nagusiak.

Horretarako, baina, lehenik eta behin kanporaketak gainditu beharko dituzte. Lehena, hain zuzen, ostiralean (hilak 26) jokatuko dute. Bertan, honako bertsolariak ariko dira: Alaia Martin; Aitzol Barandiaran; Oier Aizpurua; Iñaki Aleman; Unai Gaztelumendi eta Ekhi Erremundegi.

Bigarrena, berriz, hurrengo egunean (hilak 27) izango da. Bertan Julio Soto; Agin Rezola; Patxi Iriart; Saioa Alkaiza; Izar Mendiguren eta Ane Labaka ariko dira nor baino nor.

Azken kanporaketa abenduaren 3an izango da. Jone Uria; Odei Barroso; Arrate Illaro; Haritz Casabal; Manu Goiogana eta Asier Azpiroz izango dira parte hartuko duten bertsolariak.

Bi bertsolari, aurrera

Kanporaketa bakoitzetik bi bertsolarik egingo dute aurrera, eta horiek final handira pasatuko dira zuzenean. Abenduaren 8an izango da, Errenteria Hiria Kulturgunean, 18:00etik aurrera. Egun hori Xenpelar bera hil zen eguna da, eta haren omenez jarri dute orduan finala.

Kanporaketa guztiak, berriz, Xenpelar Etxean jokatuko dira, 20:00etan hasita. Gainera, horietara joateko ez da ezer ere ordaindu beharko; dohainik izango dira. Hori bai, final handirako sarrerak erosi beharko dira, baina prezio eskuragarria jarri nahi izan dute antolatzaileek: 16 urtetik gorakoek 3 euro ordaindu beharko dute sarrerarengatik, eta hamasei urtetik beherakoek euro bat.

Gazteen erakusleiho

Aurten hogei urte bete ditu Xenpelar Sariak, eta bera da bertsolari gazteen erakusleiho garrantzitsuena; alegia, handik bertsolari handiak atera dira. Ikusi besterik ez dago txapeldunen zerrenda: Iñaki Murua; Xabier Euzkitze, Jon Sarasua; Jon Maia; Uxue Alberdi; Angel Mari Peñagarikano… Hain zuzen, azken horri omenaldia egiteko asmoa daukate aurten antolatzaileek, eta finalean bera ariko da sariak banatzen. Bertsoren bat ere botako du Peñagarikanok, ikusleei hutsik egin gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario